domingo, 6 de mayo de 2018

Metodologia, zer da? MOTAK

Arratsalde on!!

Atxikitxen dizuegu ostiralean Anna Tome, Itziar Zanguitu eta Haizea Vazquez metodologiari buruz egindako aurkezpena. Klick egin

Guk haiek azaldutako metodologia aukerak sakonago aztertu eta beste batzuk aipatu ditugu:


METODOLOGIA AUKERAK


Haur eskolako ikasgelan lan egiten lagunduko diguten hainbat teknika daude. Teknika horiek erabiltzeko honako alderdi hauek kontuan hartu behar dira: 
  • Haurren adina. 
  • Hezitzaileak teknikari buruz duen ezagutza maila. 
  • Erabil daitezkeen lekua eta baliabide materialak. 

INTERESGUENAK 


Decroly-ren ikaskuntza globalizatuaren ideian oinarrituta dago, haurrari eduki arloekin lotutako hainbat jarduera eskaintzen zaizkio, haurraren interes edo motibazioen arabera. 

Adibidez, Frutak ezagutzeari buruzkoa antolatzen bada, denbora jakin batean eta adin jakin bateko haurrekin egiten diren jarduera guztiak frutekin lotuta egongo dira eta jarduera horiek egiteko eduki arloak kontuan hartuko ditugu.


ANTOLAKETA

Interesguneak egiteko, hiru pausu jarraituko ditugu;
  • Lehenengo pausua: Helburuak lortzea.
Eduki arloak bete daitezen, proposatutako jardueretan landu beharko dira; adibidez, haurrari jan ohi dituen frutak ezagutzen irakasten badiogu, behaketaren eta esperimentazioaren bidez, ingurune fisikoarekin lotuta egongo da helburu hori . 

  • Bigarren pausua: Haurrak nola motibatu eta lekua nola girotu aztertu behar da. 
Lekua antolatzea eta girotzea oso garrantzitsua da, jarduerak ikasgelan edo haur -eskolako beste edozein lekutan egin daitezke, espazio zabal batean. Gomendagarria izango da espazioa antolatuta uztea, interesgunea lantzeko jardueretan erabiliko diren elementuak eta materiala prestatuta uztea. 
Horrez gain, funtsezkoa da jarduera bera behin baino gehiagotan egin ahal izateko aukera izatea, zeren haurrek gustukoa baitute eurek egindako edo esperimentatutako gauzak berriz egitea. Errepikatzeak eginkizun garrantzitsua du haurren heltzeko garapenean. 
Interesgunea hasten denean motibazioa lortzeko, nahikoa izan daiteke ikasgelan jakinmina edo interesa pizten duen zerbait berria jartzea. 

  • Hirugarren pausua: Aldez aurretik zenbait jarduera prestatu.
Jarduera horiek haurren eguneroko dinamikatik atera gabe egin behar dira, eta erabakitako programazio aukeraren arabera diseinatuta egongo dira. Adibidez, haurrak zentzumenen bidez esperimentatuko du aurkezten zaizkion frutekin: ukitu, usaindu, laztandu, dastatu (frutaren ura edo mamia) egingo dituzte, frutei begiratuz, tamaina, itxura, forma, koloreak etab. egiaztatuko dituzte... 


DENBORA ETA LEKUA


Hezitzaileak eman nahi dien hedapena izango dute. Gomendagarria da gehienez hiruhilabete bat irautea. Adibidez, Gabonei buruzko interesguneak, gehienez, hilabete iraungo du. 


ADINA

18 hilabetetik aurrera.




TXOKOEN TEKNIKA 


Honen bidez jolasteko gune antolatuak sortzen dira. Leku horietan, haurren adinari dagozkion interesen araberako materialak biltzen dira. 
Adibidez, garrantzirik handiena frutei eman beharrean, sukaldeko txokoa edo supermerkatuko txokoa antolatzen da eta haurrek, hiruhilabetean, txoko horietan frutak manipulatu eta fruten ehundura, tamaina, usaina, kolorea, eta abarrekin esperimentatzeko aukera dute. Hezitzaileak, sukaldean janariren bat prestatzen denean jokoa antola dezake, baina, normalean, behatzaile gisa jardungo du, eta ez antolatzaile gisa. 


ANTOLAKETA 


Hezitzaileak ikasgelako jolas-orduetan erabiltzen ditu txokoak. Haurrei aukeratzeko askatasuna ematen die, baina nolabait antolatuta. Adibidez, aipatu ditugun bi txokoetan haurrak eurek nahi duten bezala antola daitezke, beti ere, txokoetako batean pilatzen ez badira. Batzuetan, taldeak antolatzen dira eta errotazioari esker haur guztiek txoko guztietatik pasatuko dira.
Helburu didaktikoen araberako materialak erabili behar dira, hau da, hezitzaileak argi izan behar du txokoan erabiltzen dituen materialekin zer lortu nahi duen, gero, helburuak lortzeko balio izan dioten ala ez eta aldatu behar diren jakiteko. 


LEKUA 


Gelako eskinetan normalean. 


DENBORA 


Iraupenari dagokionez, luzarorako muntatuko dira.


ADINA


2 urtetik aurrera. Ingurua imitatzearekin zerikusia duen guztiak haurren ikaskuntzaren parte da, jolas sinbolikoa ematen denean.



TAILERRAK


Txokoen antzeko teknika da. Tailerretan, ordea, tailer bakoitzak, berariazko materialak erabil ohi dira eta teknika oso gidatua da. 
Tailerrak programaziorako euskarria dira eta, une jakin batean, haurrekin landu nahi den gauza zehazteko erabili ohi dira.


ANTOLAKETA


Zaila da haur txikiekin tailerretan lan egitea. Taldean haur gutxi izan arren, beste hezitzaile baten laguntza behar da, eta inoiz ez da tailer luzea egin behar. 


LEKUA


Txokoren bat erabil daiteke, eta horrelakorik izan ezean, moketa, kuxinak, esterak, aulkiak, etab. dituen ikasgelako leku eroso bat erabil daiteke, edo gelan bertan. 


MATERIALA


Erraz aurkitzekoak edo berritzeko moduko materialak.; aldizkari zatiak, argazkiak, margoak, hostoak…


ADINA


12 hilabetetik aurrera da. 



JOLAS LIBREA 


Leku itxietan zein zabaletan elementuak ondo antolatuz gero, haurrak antolatzen eta gehien interesatzen zaizkion elementuak hautatzen ikasiko du eta, hautaketen bidez, era naturalean helduko da. Material ezberdinak esperimentatuz, manipulatuz, haurraren interesetik abiatuta.


ANTOLAKETA


Haurrek eurek egiten dute. Elementuak erabiltzeko haurren artean liskarrik ez sortzea baino ez da zaindu behar. Hezitzaileak solik behatu behar du.


ADINA


0 hilabetetik aurrera



JOLAS ESPERIMENTALA/ JOLAS HEURISTIKOA 


Teknika honen ezaugarriak E. Goldschmied-en 21 teorien araberakoak dira. Goldschmiedek 2 urtetik beherako haurrek, inguruko baliabideak, askotan hondakinak edo egunero erbiltzen ditugun material ohikoak antolatuz, ingurua eta ordena ezagutzeko mugimenduzko jolasa garatzeko dituen aukerak aztertu zituen. Teoria honi, jolas heuristikoa deitzen zaio; haurrak objektuak eta lekua antolatzen ditu, hezitzaileak behatzaile gisa izanik.


ANTOLAKETA


Gehienez, zortzi hilabete izango ditugu eta 8-10 haurreko taldeetan egingo da. Saio bakoitzaren iraupena, gehienez, ordubetekoa da. 

Bi atal izango ditu: 
  • Esplorazioa: haurraren jarduerak berezkoak dira. 
  • Bilketa: haurraren jarduerak hezitzaileak gidatzen ditu. 
Hezitzaileak, haur bakoitzari kaxa edo pote bat emango dio, 20 bat objektuekin.


MATERIALAK 


Hondakinak, egunerokotasunean aurkitu ditzakegun materialak edo ezertarako balio ez duten materialak hautatuko ditugu; adibidez, sokak, hainbat tamainatako eta lodieratako kateak, potoen tapak, beira lodizko potoak, kartoizko zilindroak, giltza handiak, giltza-sortak, giltzakoak, botiletarako kortxoak, lurrindegiko edo farmaziako kaxatxoak, xingolak, lokarriak, arropa esekitzeko pintzak, zurezko, plastikozko edo metalezko gortinetako eraztunak, botoi handiak, ile-apaindegiko erruloak, hainbat tamainatako kortxozko bolak, isurbideetako tapoiak, arropa zatiak, hainbat tamainatako belakiak... 


ADINA


18 hilabetetik aurrera


Beste aukera bat ere badago, proiektuen metodoa sarrera honetan azalduta.